XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ipuin bat konda'zaguzu - eskatu zuen neskatxa ttipietarik handienak.

- Behin - hasi zen ezkongabea - bazen Bertha izeneko neskatxa ttipi bat, ohi ez den bezala ona zenik.

Haurren axola istan bateko piztu-eta berehala hasi zen ilauntzen; bazirudien ipuin guztiak izugarriki elkarren antzeko zirela, edonork kondaturik ere.

- Manatzen zitzaion oro egiten zuen, egia erraiten zuen beti, soinekoak garbi atxikitzen zituen, irris-puddingak gozagaintxoak izan balira bezala jaten zituen, bere leitzioneak ezinago hobeki ikasten, eta adeitsu zen bere maneretan.

- Pollita ote zen? - galdegin zuen neskatxa ttipietarik handienak.

- Ez zuetarik bata bezain pollita - erran zuen ezkongabeak -; baina ona zen ikaragarriki.

Gibel olde bat izan zen ipuinaren alde; ikaragarriki hitza on izaitearekin elkarturik berrikuntza laudagarri bat zen.

Irudi zuen egiantz bat erakarten zuela izebaren haur ipuinetan aurkitzen ez zena.

- Hain zen ona - jarraiki zuen ezkongabeak -, non ona zelako medaila batzu irabazi zituen, beti ere iskilinbaz loturik bere jauntzian zekarzkinak.

Baziren obedient zelako medaila bat, ordudun zelako beste medaila bat, eta zintzo zelako hirugarren bat.

Metalezko medaila handiak ziren, eta dindatzen zuten bata besteari kontra bazabilelarik.

Bizi zen hiriko beste haurretarik batek ere ez zuen hirur medailarik; beraz jende guztiak zekien ohi ez den bezala haur ona izan behar zela.

- Ikaragarri ona - oroiterazi zuen Cyrilek.

- Jende guztia haren ontasunaz mintzatzen zen, eta herriko Printzeak haren aipua entzun zuen,(...).